Atalozti lepoa

Nafarroako Pirinioen bihotzean dago ATALOZTI, bi Nafarroak goxoki biltzen diren mendigunean, Nafarroaren eta Baxenabarreren arteko mugan, Auritz, Erroibar eta Urepele udalerrien artean –Zangozako merindadeari dagozkio lehen biak eta Baigorri-Ortzaizeko eskualdeari hirugarrena–, eta halaber baita ur-mugan berean ere: hegoaldera errekak Irati ibairantz doaz, hots, Mediterraneo itsasorantz, eta iparraldera, ordea, Errobi ibairantz, Bizkaiko golko atlantikorantz. Leku xarmangarri zein zoragarri hartan dago Atalozti izeneko lepoa, Lindus (1218 m) eta Mendiaundi (1213 m) kaskoen artean, hain zuzen. Kintoa du izena mendialde hark; izan ere, kintoa zen zerga bat, Erdi Haroan bertako artzainek Nafarroako erregeari ordaindu behar zioten txanpona animaliak libroki bazkatzeko hango belardietan. Horren harira, urtero ospatzen da festa famatu bat Urepelen, maiatzaren hondarretan: behien Marka festa, animaliak markatzeko asmoz, burdina gorriz VE (Vallée d’ERRO) inizialekin mendietako pentzeetan lasai  bazkatu ahal izan daitezen, SOROGAIN goi arroan, hain zuzen –aterpe bat dago–. Ataloztiren aldirietan erraz topatu daitezke hainbat monumentu megalitiko, harrespilak batez ere, gure antzinako arbasoen aztarna,  eta Ataloztitik hurbil xamar dago nafar historiaren toki nagusietako bat: Orreagako Andre Dona Mariaren kolegiata, XIII. mendekoa, estilo gotiko ederrean eraikia, eta Done Jakueren bidean, Paris, Vézelay (Borgoina) eta Le Puytik (Auvernia) datozen bideen biltokitik, Baxenabarreko Izura herriskatik (Oztibarre eskualdea) ez urrun, hain zuzen. Bi kilometro goitiago Ibañetako mendatea (1056 m) duzue, antzinako euskaldunek Karlomagno frankoen enperadorearen armadaren aurka egin zuten borroka ospetsua (778. urtea) oroitzen duena;  monumentu sendo bat jarria dago han berean tropa zuzentzen zuen haren iloba Errolanen omenez: harri handiaren gainean beraren ezpata eta bi mazo bortitzak daude ikusgai.  

Nire aita, Anton Bidart urepeldarra, Harizpea etxaldekoa, egun oroz iragaten zen Atalozti lepotik lanagatik, Urepeletik Auritzerantz zihoalarik, kontrabandisten bidexkatik –kontrabandoa zen bizimodurik arruntena hango gizonen artean–, eta hain ezaguna zen inguru hartan, bi isurialdeetan, ezen bi Nafarroak mugatzen dituen langari deitzen baitiote “Antonen lepoa” edo “collado de Anton”; ondoan oroigarri-karteltxo bat dago jarria. Handik oso bista ederra agertzen da eguna argi baldin badago: Aldude eta Erroko goi-ibarrak, Baztango mendi leunak, Iratiko oihan gaitza, urruneko Pirinio handiak, Erronkari, Zuberoa, Aragoi eta Biarnokoak … Naturaren ederra da benetan, mendi lirain eta politak pagadi goxoz ongi jantziak! Biziki atsegina da zinez Kontrabandisten bidexkari batere presarik gabe jarraitzea: Urepeleko azken etxaldetik (Bihurrietabuztan) goiti, eta Ahunztarretako sakanean barna Urtaraiko lepora  igotzen da –ondoko pagadiaren barruan ezkutatzen da Anton Bidarten etxola–, eta goitiago Atalozti dago, handik pago artean leunki Auritzera jaisteko. Erran behar da Urepele, ene herri maitea, berri samarra dela; bailarako artzainak etorri ziren artaldeekin batera bizitzera. Euskal baserri-girokoa ere bada guztiz, etxaldeak barreiaturik daude auzorik auzo, zelaiz, pentzez, hariztiz, mendiz (Adi, Izterbegi, Urtarai, Iturrunburu, Aldaparri, Mendixuri …) eta pagadiz ongi inguraturik: hantxe daude, erraterako, HAIRA eta URKIAGAko oihan handiak.

Herri gunean, eliza apal baina polita, frontoia eta artzain bertsolari handi baten omenez egindako monumentua, Xalbadorrena.

Hori horrela, ene aita guztiz maitearen omenez, ATALOZTI izena eman diot neure ostatu honi.